Albisteak

 

Altxor ezezaguna izan da gehienentzat orain arte San Andres elizan dagoen egur polikromatuan eraikitako XVI. mendeko ganga ikusgarria. Hori dela eta, uztail eta abuztuan bisita gidatuak martxan jartzea erabaki zuen Ibarrangeluko Udalak. Lehen esperientzia horrek 500 pertsona inguru erakartzea lortu du. Bisiten balorazioa egin ondoren, pozik agertu da Jesus Mari Ziluaga alkatea eta bisita kopuruak "altxor kultural horren aukerak eta garrantzia berretsi" eta "elizaren inguruan proiektu bat egituratzeko zegoen beharrizana" baieztatzen dituela dio.

Ibarrangeluko paisaia eta kultur aberastasuna ezagutzera eman nahi dituen turismo plan berriaren baitan antolatu dira bisita gidatuak. Helburu hori lortzeko asmoz, besteak beste, mendi ibilbideak, ostalaritza zerbitzuak eta aisialdi zerbitzuak biltzen dituen liburuxka ere kaleratu dute.

Jatorri askotako bisitariak

500 pertsona inguruk bisitatu dute San Andres eliza uztail eta abuztuan. Bisitariak toki hauetatik etorri dira: Euskal Herriko hainbat zonaldetatik (Bergara, Plentzia, Laudio…); Espainiatik (Zaragoza, Asturias, Menorca, Sevilla…), batez ere Madril eta Kataluniatik; eta Europatik, gehienbat Frantzia eta Alemaniatik. Bestalde AEB, Italia eta Austriako jendea ere hurbildu da herrira.

Guztiak ere liluraturik gelditu dira Kapera Sixtinoko zaharberritzaile buru Gianluigi Colalucci-k "euskal arteko Kapera Sixtinoa" izendatutako ganga ikusterakoan. "Elizaren kanpoaldea ikustean ez dut espero izan barrualdeak horrela txundituko ninduenik. Bisitatzea merezi duen altxorra da ganga hau" zioen bisitari alemaniar batek.

Bestalde, eliza betidanik ezagutzen duten herritar askok ere adi entzun dituzte gidak emandako azalpenak. Bisita egin ostean "gangaren historiari eta bertan agertzen diren irudiei "buruz ez zekizkiten datu asko ikasi eta "elizak altxor bat ezkutatzen duela" ohartu direla baieztatu zuen herriko emakume batek.

Neguko bisitak

Neguan, astelehenetik ostiralera bisitatu ahalko da San Andres eliza, 09:00etatik 14:00etara. Horretarako, aurretiaz, udaletxera deitu beharko da ordua eskatzeko (94 627 60 04). Bisitariek, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskuragarri dauden audiogidak alokatzeko aukera izango dute 3 euroren truke. Guztira 7 audiogida daude eta horietariko bat entzumen arazoak dituzten pertsonentzako egokitua dago.

Bestalde, neguan bisita gidatuak egiteko ordutegi zehatzik ez dagoen arren, talde bisitak (eskolak, jubilatuak…) egiteko ordua eskatu ahalko da udaletxera deituz (94 627 60 04).