Albisteak

 

Altxor ezezaguna da gehienentzat San Andres elizan dagoen egur polikromatuan eraikitako XVI. mendeko ganga ikusgarria. Kapera Sixtinoko zaharberritzaile buru den Gianluigi Colalucci-k San Andres eliza bisitatu zuenean, txunditurik esan zuen honakoa “euskal arteko Kapera Sixtinoa” dela. Uztailaren 15etik irailaren 15era bisitariek erakusketa bidez, altxor hori ezagutzeko aukera izango dute.

Eliza bisitatu nahi dutenek 618 259 228 zenbakira deitu edota ibarrangelu.turismo@gmail.com helbidera idatzi beharko dute ordua finkatzeko (Erreserba egin). Kalitatezko bisita bermatzeko taldeak 10 pertsonakoak izango dira gehienez eta bisitaren prezioa 4 euro izango da.  Bisitaren iraupena ordu betekoa izango da eta prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Audiogidak euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez daude eskuragarri, alokatu ahal izango dira 618 259 228 telefonora deituz edo ibarrangelu.turismo@gmail.com helbidera idatziz. Audiogida bakoitzaren prezioa 4 eurokoa da.

Berritasunak bisitan

Aurten, elizan bertan “Horma pintura Bizkaian. Izkututako ondarea (1450-1850)” erakusketaren atal bat ere izango dugu. Erakusketa hau Bizkikoak jarri zuen martxan eta iaz Bizkaiko Aldundiko Ondare aretoan egon zen ikusgai. Erakusketa lau ataletan banatuta dago: gotikoa, errenazimentua, barrokoa eta rococoa; Ibarrangelun ikusi ahal izango dena errenazimentuari erreferentzia egiten diona da.

Erakusketari sarrera emateko 3 panel daude (euskaraz eta gaztelaniaz) Euskal Herriko errenazimentua irudi eta testu bidez azaltzen dutena. Horiez gain, lau angeluko dorre sorta bat ere badago. Dorre hauetan estilo artistiko honi lotutako eraikin zibil eta erlijiosoen garapen piktorikoa azaltzen da.

Halaber, bisitariek aurten zaharberrituko den 1905. urteko organo erromantiko zoragarria hurbiletik bisitatzeko aukera izango dute. Organoa hau berezi egiten du bere arpa erregistroak.
 
Europan erregistro hau txertatuta duten beste bi organo baino ez dira ezagutzen; bata Etxalarko elizan (Nafarroa) et abestea Écijan (Sevillan). Piano arpa erregistroa Pio X. Aita Santuak XIX. mendean agindutako lege baten ondorioz txertatu zen organora. Lege horren arabera debekatuta zegoen hileta mezetan eta garizumaldian organoa jotzea.