Albisteak

 

Udalarekin izandako harremanen ostean, atzo onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Ibarrangeluko Garteiz auzoan urak arazteko sistema berria jar-tzeko diru laguntza ematea. Hala, auzo horretako hondakin urak arazteko sistema naturala ipiniko dute. Proiektu pilotua dela azaldu dute bai Jaurlaritzak eta baita Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagak, eta urak iragazki berdeen bitartez araztean datza.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren esanetan, «energia beharrik ez duen arazteko sistema autonomo, ekologiko eta jasangarri baten bideragarritasun teknikoaren azterketarako proiektu pilotu bat da; hala, isolatuta dauden herrigune, landa-auzo edota baserrietarako sistema ezin hobea definitzea ahalbidetzen du, gunearen kokapen geografikoak eta orografikoak baldintzatu gabe. Haren kokapena, Urdaibairen barruan, ezin hobea da esperimentu modura arazte-sistema ez-konbentzional, jasangarri, autonomo eta ekologiko bat ezartzeko; era horretan irtenbidea teknikoki egokia den ikusiko da, baita azkenean arazteko bideragarria den ere».

Ziluagak azaldu duenez, Eusko Jaularitzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak jarraipena egingo diote sistema berri horri; beraz, udalak laguntza zuzena edukiko duela esan du. «Ez da ohiko sistema, eta inguruan ez dago halako bat ere ez. Araban antzerako ezaugarriak dituen sistemaren bat ezarri dute, baina Ibarrangeluko Garteiz auzokoa, teknologian aurreratuagoa». Sistema berri hori Ibarrangelun bertan ezartzea «modu oso positiboan» baloratu du udalak; «ekonomikoko ere, kostua etorkizunean merkeagoa izango da, eta horregaz ere pozik gaude». Proiektoa eredugarria izan liteeke antzeko egoeratan dauden auzo edo etxe isolatuentzako.