Albisteak

 

Ibarrangeluko Garteiz auzoan martxan dago iragazki berdeen proiektoa. Auzotarren laguntza haundia izan da lanak gauzatzeko.
Ibarrangeluko Udalak duela hiru urte aurkeztutako proiektoa onetsi, Jaurlaritzak diru laguntza eman eta egin beharreko obrak egin ostean, Garteiz auzoko baserrietako urak modu naturalean arazteko sistema martxan dago. Dagoeneko, beraz, landare makrofita flotatzaileen bidez ari dira arazten hango baserrietako urak.
Proiektu pilotua da Garteiz auzokoa, eta 145.200 euroko aurrekontuagaz gauzatu dute. Jaurlaritzak %100ean finantzatu duen heinean, instalazioak ezagutzen izan dira Josean Galera Ingurumen sailburuordea, Amaia Barredo Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria eta Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatua, Jesus Mari Ziluaga alkatearekin batera. Azken horrek azaldu duenez, arazteko sistema tradizionala ordezkatzen du Garteizkoak, eta punpaketa sistema bat jartzea baino merkeagoa da, “ez bakarrik obra egiterakoan, baizik eta mantenua egiterako orduan ere bai”. Hori dela eta, pozik da proiektua martxan jarri izanagaz.
30 metro koadro inguruko eremu bi atondu dituzte arazte sistema berritzailea ezartzeko, eta makrofita espezie bi landatu dituzte bertan. Hain zuzen, eremuetako batean Phragmites Australis lezka autoktonoa landatu dute, eta bestean Typha Latifolia espezie aloktono baina ez inbaditzailea. Urak arazteko landare horien gaitasun garbigarria baliatzen du sistemak, eta baita oxigenoa transferitzeko daukaten ahalmena ere.
Etorkizunean Busturialdeko Ur Partzuergoari egokituko zaio laginak hartu eta jarraipena egin proiektoaren eraginkortasuna  eta ustezko aplikazioa beste  batzuetan ikusi ahal izateko.
Ibarranogeluk beste 3 iragazki ditu eta etxe gahienak saneamendu egokia daukate. Oinarrizko zerbitzua da saneamenduarena baina oraindik falta diren beste auzoetan ere (Merru, Allika, Akordakoa egokitu, Apraiz eta hainbat baserri solte) lan egin behar da.