Herritarrak

Herritarrak

Lorea dantza taldea 
  • Helbidea: Ibaeta, 4 (Kultur Etxea) 
  • Jarduera: Kultur elkateak
  • Telefonoa: 94 627 61 98 
  • Faxa:  
  • Harremanetarako:  
  • Webgunea:  

Lorea dantza taldea 

Ibarrangelun luzea da herriko dantza taldearen historia. 1.918 inguruan Gonzalez de Txabarrik gidatzen zuen ezpata-dantzari taldea zegoen, eta Akorda auzoan ere Berriotxoa deituriko beste talde bat.

Baina gerra zibila bukatu zenean giro espainiarra zen nagusi herrian, eskolan Falangea zegoen eta dena omen zen erdara Ibarrangelun. Orduan, hori aldatzeko eta herria “espabilatzeko” asmoz, herriko apaiza zen Don Domingo Zuluagak ezpata-dantzari taldea birsortzea erabaki zuen 1949. urtean.

Esan eta egin. Alkateari baimena eskatu ondoren eta haren baiezkoa jasota, “Lorea” izenpean sortu zuen dantza taldea, izenak taldekideen gaztetasunari men egiten ziolarik (7-8 urte bitarteko umeak). Entseguak mutilen eskolan egiten zituzten eta Ignazia Urizarrek panderoa jotzen erakusten zien neskei. Talde horrek 3-4 urte iraun zuen. Gerora, 1967an Lorea dantza taldea berriz ere martxan jarri zuten, oraingoan Don Domingo eta Coro Hormaetxearen eskutik. Taldea bost urtez gelditu gabe ibili zen kanta, dantza eta txistu doinuak lau haizetara zabalduz.

1993ko urrian, 13 neska eta 9 mutilez osatutako taldea eratu zen berriz herrian. Gernikako Elai-Alai taldeko bi irakaslek zuzendu zuten taldea eta ez zuten izenik erabili. Lau saio egin zituzten.

2004ko ekainaren 13an Don Domingok eta Corok sortutako dantza taldeko kideek Gorpuztietan dantza egin zuten. Hogeita hamar urte zeramatzaten dantza egin gabe baina, hala ere, gure herrian gehien iraun duen taldea dugu honakoa.

2006-2007 ikasturtean ume taldea ere osatu zen Ibarrangelun eta gaur egun 30 ume inguruk osatzen dute. Hainbat monitore izan dituzte urte hauetan, Nerea Lopez, Aiora Goitiz, Irati Goitiz, Josu Lamikiz eta Olaia Laka. Azken bi horiek dira gaur egun dantza taldea zuzentzen dabiltzanak.