Hondartzak

 

Ogoño lurmuturraren magalean babesturik eta mendiz ingurutarik, Bizkaiko kostaldeko hondartza ederrenetariko bat dugu Laga. Hareatzak 574 metroko luzera du: itsasgoran 138.499 m2 ditu eta itsasbeheran 424.499 m2.

Hego Euskal Herriko itsasbazterretik ia erabat desagertuta dauden dunak daude Ibarrangeluko hondartzan, egitura ekologiko horiek berreskuratzeko egindako birsortze proiektu bati esker. Dunek, hondartza babestu eta sendotzeaz gain, itxura basatiko hondartzen xarma ematen diote Lagari.

Itsasoari irekita dagoen hareatza hau egun lasai bat igarotzeko toki ezin hobea izanik, ur-kirolak egiteko toki paregabea ere bada, hala nola, surfa, windsurfa, piraguismoa edota paddle surfa. Hondartzan bertan, kirol horietan aritzeko materiala alokatu edo monitore lanak egiten dituzten aisialdi enpresak daude.

Hondartzan zerbait jan edota edan nahi duenak ere badu horretarako aukera. Izan ere, paisaia lasaigarri eta eder honetan murgildurik jatetxe bat eta txiringito bi daude, azken horiek udan bakarrik.