Hondartzak

 

Laida hondartza Mundakako errekaren bokalean kokaturik dago eta Izaro uhartea du aurrean. Hain zuzen, Urdaibai Biosfera Erreserbako hondartza handiena da, 812 metroko luzerarekin. Hala ere, hareatza honen itxura ikaragarri aldatzen da mareen arabera eta, horrenbestez, errekatxoz zeharkaturiko hareatza erraldoia izatetik, hondartza askoz txikiagoa izatera pasatzen da egun berean.

Hareatza zabal honetan, fauna eta flora aberasgarriko duna-sistema handi bat dago. Izan ere, 1999. urtean birsortze proiektua egin zen hondartzak 50eko hamarkadan zuen itxura berreskuratzeko asmoz. Dunek haize hotzetatik babesten gaituzte, solarium naturalak balira bezala jarduten baitute.

Laidako hondartza paseo luzeak emateko leku paregabea da bere tamainari esker. Bestalde, hondartza haizetsua denez, windsurf, piraguismo, paddle surfa edo belan aritzeko toki ezin hobea da. Hala ere, surfak aipamen berezia merezi du, izan ere, Laidako hondartzatik Mundakako ezker olatu famatura hel daitezke surflariak.

Gainera, aisialdi zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak ere badaude hondartzan bertan, eta horietan materiala alokatzeko edota monitoreekin hainbat kiroletan aritzeko aukera dago.

Hondartzatik hurbil jatetxe eta ostatu ugari dago; paisaiaz gozatzen dugun bitartean, zerbait edateko, bazkari eder bat jateko edota gaua pasatzeko aukera paregabea.