Ibilbideak

 

Nola heldu? Gernikatik BI-638 Gernika-Lekeitio eskualde-errepidea hartu beharko dugu eta Muruetaganen Ibarrangelura doan BI-3237 errepidea. Herrian gaudenean, Elantxoberantz zuzenduko gara eta, oraindik Ibarrangelun gaudenean, Ibinaga auzorantz eramango gaituen saihesbidea hartuko dugu. Errepide hori zuzen jarraituz Elantxobeko hilerrira helduko gara.

Hasiera: Elantxobeko hilerria.

Iraupena: 2 ordu.

IIbilaldia Elantxobeko hilerrian hasiko da. Bertan autoa aparkatzeko tokia dago. Hasteko, Lagaburuko begiratokira arte heltzen den bidea jarraituko dugu, hilerriaren ezkerraldean kokatutakoa. Asfaltatutako bide horretatik abiatuko gara eta lehen bidegurutzera heltzerakoan lokatzezko bidezidorretik jarraituko dugu gure bidea (zuzen jarraitu behar da). Ibilbidean zehar bide kantoietan kokatuta dauden bankuetan esertzeko aukera izango dugu, bertatik Lagako hondartzaren ikuspegi ederrez gozatzeko. Gero, Lagaburura heltzean Ogoño lurmuturra hurbil-hurbil izango dugu. Puntu honetatik, lurmuturraren eta Kantauri itsasoaren ikuspegi zoragarriak daude.

Ibilbidearekin jarraitu ahal izateko, abiapuntura bueltatuko gara (Elantxobeko hilerrira). Bertan, Ogoñorantz igotzen hasteko bi bide aukera daitezke (seinaleak daude). Gaurkoan, eskuinaldeko bidea hartuko dugu eta gero, bueltatzerakoan, bide berdinetik edo ezkerrean utzitako bidetik jaitsi ahalko gara.

Ibilaldi osoan daude Ogoñorantz joateko bidea zein den adierazten duten seinaleak, beraz, oso zaila da galtzea. Hala ere, dudaren bat izanez gero, eskuinerantz zuzenduko gaituen bidea hartu beharko dugu beti.

Bisitatuko dugun bigarren tokia Karobia izango da. Toki horretan, antzina, hainbat erabileratarako karea egiten zuten herritarrek. Seinalea jarraituz eta basoan barneratuz helduko gara bertara. Atseden hartzeko edo zerbait jateko toki egokia izan daiteke, bertan mahai bat eta bankuak baitaude.Ondoren, berriz bidera irten eta aurrera jarraituko dugu. Metro gutxi batzuetara aurkituko dugu Atxurkulura igotzeko bidearen seinalea. Tontor horretatik Urdaibaiko ikuspegi ederrez gozatzen jarraitu ahalko dugu.

Atxurkulutik jaitsi eta aurrera jarraituko dugu Ogoñora heldu arte. Toki honetara heldutakoan, hartu denbora bertan lasai-lasai egoteko, izan ere, tontor horretatik ikusiko ditugun paisaia zoragarriak hobetzea ia ezinezkoa da. Laga, Izaro, Bermeo eta Mundaka izango ditugu gure begien aurrean eta, oskarbi dagoen egunetan, urrunean, Donostiako Igeldo mendia ere ikusi ahalko dugu.

Argazki galeria