Ibilbideak

 

Nola heldu?: Gernikatik BI-638 Gernika-Lekeitio eskualde-errepidea hartu beharko dugu eta Muruetaganen Ibarrangelura doan BI-3237 errepidea. Herrian gaudenean, Laga eta Laida hondartzetarantz zuzenduko gara eta Akorda auzorantz eramango gaituen saihesbidea hartuko dugu. Akordara heldu baino zerbait lehenago Atxarreko tontorrera eramango gaituen bidearen seinalea ikusiko dugu, Allika auzoan. Hortxe aparkatuko dugu autoa.

Hasiera: Allika auzoa.

Iraupena: Ordu eta erdi.

Akordara heldu baino zerbait lehenago dagoen Allika auzoan utziko dugu autoa, eta hantxe hartuko dugu Atxarerrantz zuzenduko gaituen bidea,seinalea jarraituz.

Metro batzuk ibili ondoren eskuinaldean agertuko den lokatzezko pista hartu behar da. Gero, aurrean harri handi bat duen bidegurutzera helduko gara eta berriz eskumako bidea jarraitu beharko dugu. Bide horrek Dantzalekura eramango gaitu. Bertan ilargi erdia marrazten duten hiru harri handi daude eta herriko nagusiek diote antzina akelarreak ospatzen zirela han. Horregatik, sorginak uxatzeko, San Gregorio egunean, San Pedro Atxarreko baselizan bedeinkatutako gatza sakabanatzen zen Dantzalekun.

Aurrera jarraituko dugu bide-seinaleak markatzen duen norabidean, eta laster helduko gara mendi tontorrean kokatuta dagoen San Pedro Atxarreko baselizara. Urdaibaiko talaia deritzon toki honetatik Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren ikuspegi ezin hobeak izango ditugu. Estuarioaren, kostaldeko Busturia, Mundaka eta Bermeo herrien, Laidako hondartzaren eta Atxarretik Ereñozarrera arte heltzen den artadi kantabriar izugarriaren perspektiba zoragarriak gozatu ahalko ditugu.

Abiapuntura bueltatuko gara egindako bidetik eta bertan Akorda auzora eramango gaituen errepidea jarraituko dugu. 1520. urtean eraikitako Santa Maria Engraziako eliza ikusi ahalko dugu Akordan. Gainera, baserri giroko auzo honetatik paseatzeak ere pena merezi du.

Argazki galeria