Ibarrangelu Bizkaiko kostaldeko herria da, Busturialdean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatutakoa.
Natura-gune pribilegiatuan kokaturik, paisaia menditsu ederrak, hondartza liluragarriak, ondare kultural zein naturaleko altxorrak eta gastronomia eta ostatu zerbitzu ezinhobeak daude Ibarrangelun.
Iparraldetik, Elantxobek eta Kantauri itsasoak mugatzen dute, hegoaldetik Gautegiz-Arteagak eta Ereñok, ekialdetik Kantauri itsasoak eta Eak eta mendebaldetik Gernikako itsasadarrak, Kanalak eta Gautegiz-Arteagak.
Itsasertza altua eta arrokatsua da, Laga eta Laida hondartzek osatzen dituzten hareazko tarteekin. Barnealdean, aldiz, erliebea menditsua bilakatzen da, eta Burretxagana (398 m), San Pedro Atxarre (313 m) eta Armenduko (385 m) tontorrak nabarmentzen dira.
Herriko gune nagusia Elexalde eta Ibinaga auzoak biltzen dituen haranean dago, eta udaletxea, San Andres eliza eta herriko zerbitzu nagusiak biltzen dira bertan. Lagako hondartzara doan errekak eta errepideak bitan banatzen dute harana. 15,56 km²ko azalera du Ibarrangeluk eta elkarrengandik urrun dauden auzo ugari ditu herriak: Arboliz, Akorda, Antzora, Andikone, Durukiz, Elexalde, Gametxo, Gendika, Ibaeta, Bolueta, Iturriotz, Tremoia, Iruskieta, Garteiz, Allike, Ibinaga, Laga, Laida, Lastarri eta Merru.