Kultur ondarea eta ondare naturala

 

1929. urtean eraikitako frontoia harlanduzko aurrealdea duen eraikin ederra da, eta Ibaeta auzoan dago. Erdialdean San Andresen gurutzea duen armarria dauka, obelisko txikiz errematatutako bi pilastraz markoztatua; motibo hori hegaletan errepikatzen da.

Diego de Basterra jaurerriko arkitektoak egin zuen diseinua eta jaurerriak berak eman zuen frontoia eraikitzeko diru-laguntza.

1958an frontoia handitu egin zen Aselo Plaza eta Alfredo Hurtadok zuzendutako “Cancha vasca” pelikularen grabazioa zela eta. Film hori Ibarrangelu, Elantxobe, Markina, Lekeitio, Mungia, Gernika-Lumo, Santurtzi, Bilbo eta Donostian grabatu zen.

2008an, Ibarrangeluko herritarren beharrizanei erantzunez, erdi estalitako frontoi berria eraiki zen, oraindik ere erabiltzen den frontoi zaharraren alboan.