Kultur ondarea eta ondare naturala

 
Lagako hondartzan badago haitz bat besteengandik desberdina dena. Hareatzaren erdian dagoen haitza da eta bere egitura masiboak, itxura konpaktuak eta tonu berdexkak inguruko arroka sedimentarioekiko jatorri ezberdina adierazten du. Ofita izeneko arroka igneoa da eta “Maitasunaren arroka” izenez ezagutzen da. Triasikoan (orain dela 200 milioi urte), Atlantiar Ozeanoa irekitzen ari zenean sortutako magmaren hozketan du bere jatorria.  Orain dela 40 milioi urte, diapirismo izeneko prozesu geologiko batek sedimentu modernoagoen azpian lurperatutako material triazikoak mobilizatu eta igoarazi zituen, horregatik, gaur egun ofitak eta garai bereko material buztintsuak gainazalean ikus ditzakegu. Hondartzaren erdian dagoen arrokaz gain, Lagako errepide nagusiaren ondoan dagoen parkingean ere aurki ditzakegu ofitak eta Ibarrangeluko zenbait tokitan.

Iturria: Mendia M, Monge-Ganuzas M, Díaz G, González J, Albizu X. Geoloiga interesguneen gidaliburua – Urdaibai – Guía de interes geológico. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (2011) (PDF 15,05Mb)