Kultur ondarea eta ondare naturala

 

Ibarrangeluko herriak Matxitxakoko batailan ibilitako Juan Telletxearen, Bou Nabarrako marinelen eta Eusko Itsas Gudarostearen omenez egindako monolitoa

1937ko martxoaren 5ean gure historia hurbileko pasarte triste eta, era berean, ausartenetariko bat gertatu zen, Matxitxakoko bataila. Zorigaiztoko egun horretan Bou Nabarra ontzian borrokan aritu zen Juan Telletxea Ibarrangelutarraren eta bere ondoan borrokatu ziren gudari guztien omenez jarri zuen monolito hau Ibarrangeluko udalak, bere jaioterri izan zen Akorda auzoan.

Eskultura Durangon bizi den Elena Solatxik egin zuen. Horretaz gain, Juan Telletxearen buruaren eskultura txiki bat ere egin zuen. Udaletxeko delegaritza batek oparitu zion honakoa Telletxeari, bere bizitoki zen San Juan de la Arenan bertan, herriaren eskerrona adierazteko.

Ingalaterran nabigatzen egon eta gero, Eusko Itsas Gudarostean sartu zen 20 urterekin Telletxea, Gerra Zibila hasita zegoela. Bou Nabarran eman zioten lekua eta 1937ko Martxoaren 5ean, Matxitxakoko batailan 'Canarias' gerraontziaren kontra borrokatu zen, beste 48 marinelekin batera. Hemeretzi izan ziren bertatik bizirik irtetea lortu zutenak. Juan Telletxea Abadia, Batailaren ostean, atxilotu eta Donostiako Ondarretako kartzelara eraman zuten, eta heriotzara kondenatu bere lagunekin batera. Bi urte eman zituen han, 'Canarias' ontziko komandante izandakoak marinelak libre geratzeko bitartekaritza lana egin zuen arte. Libre geratu ondoren, merkataritzako marinan egin zuen lan erretiroa hartu arte. 2011an hil egin zen 94 urte zituela San Juan de la Arenan, Asturiaseko herri marinelean.

Duela urte gutxi, batailan parte hartu ez arren, Eusko Itsas Gudarosteko kide izan zen beste ibarrangelutar baten berri ere izan zuen herriak, Domingo Urrutxua Arano, Bou Bizkaiako marinela.

Orain, urtero, batailaren urteurrenean, Juan Telletxeari, Domingo Urrutxua Arano eta gudari guzti horiei omenaldia egiten zaie Ibarrangelun. Horrela, egindakoarengatik esker ona adierazi nahi zaie eta gizon horiek ahanzturatik berreskuratu nahi dira.