Kirol instalazioak

Ibarrangelun bi frontoi daude bata bestearen alboan. Zaharra 1929an eraiki zen eta, gerora, 2008an, herritarren beharrizanei  erantzunez eraiki zen frontoi berria.

Neguan esku-pilota eta pala ikastaroak egiten dira azken horretan. Udan, aldiz, futbito, frontenis eta ping pong txapelketak antolatzen dira, besteak beste, bertan. Horietan adin guztietako herritarrek parte hartzen dute. Giro ederra sortzen da bertan lehiaketan parte hartzen ari direnen eta ikusten hurbiltzen direnen artean.

Ondoren frontoi berriaren erabilpenerako oharrak kontsultatu daitezke:

Erreserbak:

Non? Kultur Etxean - Ibaeta, 4 (erreserbak ezin dira telefonoz egin).

Ordutegia: 17:00etatik 21:00etara.

Prezioa: Ibarrangelun erroldatuta daudenek 2 euro ordaindu behar dituzte ordu bateko erreserba egiteagatik. Erroldatuta ez daudenek, aldiz, 6 euro ordaindu beharko dituzte.

Frontoiko ordutegia: 22:00ak arte erabil daiteke.

Bestelako oharrak:

  • Eguneko, bi orduko erreserba egin daiteke, astean behin. Ezin izango da eskaerarik egin hilabete baino arinago.
  • Ikastaroren bat egonez gero, lehentasuna izango dute.

Aire librekoak

Ibarrangeluko paisaiak aire libreko kirol mordoa egiteko aukera ematen du. Mendi ibilbide luzeak nahiz laburrak egin daitezke herrian, eta herriko kale zein bideetatik ere paseo amaigabeak eman daitezke. Oso ohikoa da jendea Laga eta Laida hondartzak batzen dituen errepidetik  paseoan ikustea. Gainera, duela gutxi Ibarrangelutik Lagara arte jarritako oinezkoentzako bide berdeak segurtasun osoz joan ahal izatea ziurtatzen digu.

Laga eta Laida hondartzak surfa, windsurfa, piraguismoa, kitesurfa, bela edota paddle surfa egiteko toki paregabeak dira. Gainera, eskalada gustuko dutenek ere Ogoño mendiko horman beraientzako egokitutako espazioa daukate.